Atzo, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bidaian dauden migratzaileei harrera egiteko aurtengo udako Plana aurkeztu du. EAEko hiriburuetan eta mugatik gertuen dauden udalerrietan 500 plaza. Beraz, jende gehiago etorriko dela aurreikusita, plaza kopurua handitu da.
Joan den udaberrian Irun eta Hondarribian eskainitako 200 plazetatik, udan 338 plaza eskaini ahal izateko plangintza egin dute Behe Bidasoa eskualdean, hiru eszenatoki ezberdinen arabera, aktibatuko dituzten dispisitobo ezberdinei esker. Hilabderaseko Arretxe Gainan (60 plaza) ohiko zentro finkoaz gain, Hondarribiko Jostaldi pilotalekua (100 ohe) eta Irungo hiru hezkuntza zentro egokitu dituzte horretarako: Hirubide BHI (36 plaza), Eguzkitza BHI (32 ohe) eta Toki-Alai BHI (80 plaza). Halere, Bidasoa eskualdeaz haratago ere, Errenteria-Oreretan, Donostian, Bilbon edota Gasteizen eskainiko dituzten dispositiboekin 500 plaza izango dira guztira EAEn. Harrera Sarearen arabera, “ez du zentzurik muga zeharkatzeko helburua duten trantsitozko migranteei, Irunera iritsi eta Bilbo edota Gasteizera atzera egitera behartzea”.
Irizpide malguak eta harrera duina
Bestalde, baliabideak emendatzeaz gain, kontingetzia planak migranteak hauetan onartzeko irizpideak malgutu beharko lituzketela diote. Izan ere, “planak irizpide diskriminatzaileak aplikatzen jarraitzen du, eta dublinatuek zein Espainiar Estatuan epe luzeak daramatzaten migranteak kalegorrian geratzen dira”, dio Josune Mendigutxiak. Hala gertatu izan da azken asteetan, eta udan ere berdin gertatuko dela iragarri du Harrera Sareak. Halakoetan, bolondresek ordaindutako pentsioetan edota kalegorrian kanpin-dendatan egiten dute lo.
Horregatik, kopuruetatik haratago, behar dutenei harrera duina eta integrala egitea galdegin dute. “500 ohe eskaintzea ondo dago argazkian ateratzeko, baina ez dituzte denak onartzen, eta ez gaude lurrikara edo hondamendi baten aurrean, pertsonak frontoi edo eskoletan hamaketan lo egiten eukitzeko”, diote Harrera Saretik. “Agian pentsatzen dute pertsona beltzek hamaka bat besterik ez dutela merezi frontoi batean?”.