Ekainaren 6an hendaiar anitzek Triki pausatu zen Txingudiko Badian bertan omendu bazuten ere, eskualdeko ezker abertzaleko erreferente izan zenaren omenezko Triki Poteo alaia proposatzen du Baleak elkarteak ekainaren 25 honetan. Maiatzaren 27an zendu eta hainbat omenaldi egin dizkiote dagoeneko. Baleak elkarteko kide ere bazen bera, eta Triki zen moduan “giro alai eta hurbilean” eman nahi diote azken agurra.
Hileroko azken ostiralero bezala, 18:00etan euskal preso eta iheslarien aldeko elgarretaratzea deitu dute Gaztelu Zaharren. Eta 18:30etik goiti, Baleak elkartean lehen txotxa eginen dute. Ondotik trikitilariekin batera Kanetaraino joanen dira Enbata gaztetxera “gazteekin ere harreman handia zuelako Trikik”. Itzulian ariko dira bi guneen artean, Irungo Ola sagardotegiko eta Biriatuko Kamino Berri sagarnotegiko upel bana izango baitira txotxean aritzeko. Edalontzia 5 eurotan izanen da, pintxoak euro bana, eta taloak 2 eta 3 eurotan.