Trastelekuan edo hondakindegian baino hobe, behar duen norbaitek erabil dezan bilatzen du Txingudiko Zerbitzuak-ek antolatzen dituen bigarren eskuko azokak. Hondakinak gutxitu, eta kontsumitzaileen faboretan pentsatuak dira. Baina pandemia garaian bertan behera geratu edota neurri zorrotzekin antolatu izan badira ere, Merka2dasoa azoken antolaketa azkartu nahi du orain Txinzer-ek. Maiatzaren 29 honetan hasiko da, Irungo Zabaltza plazan bigarren eskuko orotariko azoka batekin. Uztailaren 11n Hondarribian eta urriaren 3an Irunen egingo dituzte hurrengoak.
Ekainaren 6an, aldiz, etxean txirrindaren bat soberan dutenek ala txirrinda baten beharretan direnek San Pedro kalean hitzordu bat dute. "100 txirrinda biltzeko lekua izango dugu, eta arrakasta handia lortu duen bigarren eskuko txirrinda eta patineteen salerosteko aukera paregabea da", nabarmendu du Leire Zubitur Txinzer-eko kudeatzaileak.
txirrindarik saldu nahi duen orok www.txinzer.eus atarian edota 900 119 384 telefonora deituz izena eman beharko du ekainaren 4a baino lehen. Bestela, irailaren 19an Irungo Zabaltza plazan antolatuko den azokara itxaron beharko dute.