Emeki elkarteak emakumea herrian merezi duen lekuan jartzeko ahaleginak bikoiztu ditu

Antxeta Irratia 2021ko mai. 28a, 00:00

Pandemia denbora ez du hutsean galdu Emekik. Zenbait emakume esanguratsuen izenak kale izendegira ofizialki eramatearekin batera, Arma Plaza Fundazioa eta Koldo Ortega historialariarekin lankidetzan aritu da hilabeteotan zenbait proiektutan. Horren emaitza dugu 'Aintzina eta Gaur', herriko 28 emakumeen ibilbidea biltzen duen liburua. Joan den abenduaren 21ean aurkeztu eta 3.000 ale argitaratu zituztelarik denak banatu dira. "Eskutik joan zaigu", aitortzen du Mariaje Berrotaranek, Emekiko kideak.

Petra Labordaren liburua 

Bestetik, Arma Plazak argitaratu berri duen Petra Laborda sukaldari hondarribiarraren 'La cocina práctica' errezeta liburuaren berrargitaralpena ere bada lan horren emaitza. Arma Plaza fundazioarekin batera berreskuratu dute 1929. urtean plazaratutako errezetategia, gaur egun agortua eta desagertua zegoena.

Mariaje Berrotaran, Emeki elkarteko kideak esplikatu digunez, "gaur egun irudiak garrantzi handia duenez, errezetak berreskuratu eta sukaldatu egin ditugu haien irudiak gehitzeko". Emeki elkarteko Mariaje bera eta Maria Pilar Goikoetxea izan ez ezik, Klink elkarteak, Alameda jatetxeko Gorka Txapartegik, Goxoki elkarteko Iñaki Jauregik edota Hawai gozo-dendako Eva Urigainek ere ibili dira sukaldean bertako produktuak baliatuz.

Liburua osatzeko Euskal Gastronomia Akademiako Juan Manuel Garmendia kidearen laguntza jaso dute. Petra Labordaren jaiotza, haurtzaroa eta garapen profesionala Santiagoko kondesaren zerbitzupean eta Madrilen bildu dute era horretan. 20. hamarkadan Udalaren babesarekin Emakumeen Sukaldaritza Eskola sortu zuen Irunen, emakume aitzindari eta ekintzaile izan zenaren seinale.