Martin Ugalde euskaltzalea ezagutzeko erakusketa martxan da Arma Plazan

Antxeta Irratia 2021ko mai. 27a, 00:00

Bokazioz idazle eta kazetari, abertzale senak beharturik politikaria ere izan zen. Eta bere figura eta lan eskergaren ezagutzari bide emango dio erakusketa honek, uztailaren 4a bitartean. Joan Mari Larrarte, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkeko ordezkariak iragarri duenez, ez da Martin omentzeko ekimen bakarra, lehendabizikoa baizik. Arma Plazan ikus daitekeen erakusketa, gero Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean kokatuko dute betirako.

Baina Hondarribian estreinatu bada, ez da kasualidadez izan. Txomin Sagarzazu alkateak berak nabarmendu duenez, 1936ko gerlaren ondorioz Venezuelan 20 urtez errefuxiatua egon ondotik, Hondarribian kokatu baitzuen bere burua, eta 30 urtez hondarbitartu egin zen. "Beti laguntzeko prest agertu zen, 1984-1994 artean Bordari-Satarka literatur lehiaketako epaimahaikide izateko edota Hondarribia aldizkarian dozenaka artikulo idazteko ere", argitu du alkateak.

Omenaldia baino aitortza.

2004ean zendu zenean omendu zitzaion herrian. Eta haren heriotzaren hamar urteak bete zirenean ere, 2014ean. Oraingo honetan, aldiz, Hondarribiaz beste, Egunkariko lehendakari izan zenari euskalgintzari egindako ekarpena eskertzeko ekimen zabalago bat antolatu dute, Hondarribia eta Andoaingo Udalek, Martin Ugalde Kultur Parkeak, Elkarrek, Euskal Idazleen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak besteak beste.

Ekimenarekin eskertuak agertu dira gaur, Martin Ugalde zenaren seme-alabak, Unai eta Itsaso Ugalde. Hunkituak agertu dira, eta aita Hondarribian lurperatua dagoela, eta herriaren babes beti sentitu zuela nabarmentzearekin batera, euskararen alde zubilanak egiteko arriskuak hartu izan zituelako eredu dela aitortu du Unai Ugaldek, eta bere aitaren bizi-proiektua hitz gutxitan laburbildu du: "Hondarbiko arrantzaleak bere horretan katedratikoak zirela zion beti. Beti saiatu baitzen besteak dakiena aitortzen, eta denok dakiguna egiten gaitu herri".

"Martin Ugalde Orradre: jaiotzaren mendeurrena" erakusketa ARMA PLAZAn ireki da gaur bertan, eta uztailak 4 arte zabalik egongo da. Astelehenetik igandera irekita egongo da, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara, eta igandetan 10:00etatik 14:00tara.