Guraso elkarteek eskolaz kanpo eskatutako euskal arnasguneei ez die Udalak hatsarik eman nahi izan

Antxeta Irratia 2021ko mai. 27a, 00:00

Euskarak etorkizunik badu Irunen, belaunaldi berriekin izango da ala ez du izango. Irundarren %8ak baizik ez du egunero euskara baliatzen, berez, %60a inguru euskal hiztuna bada ere. Haur eta gazteen kasuan, gaur egungo 8.000 bat ikasleen gehiengo batek D ereduan ikasten badu ere, euskara ikastetxeko hizkuntza tresna da gehienentzat. Izan ere, eskolaz kanpo erdara nagusitzen da kirol, kultur eta aisialdi jardueretan.

Hau kontuan hartuta, Irungo eskola publikoetako gurasoen elkarteek indarrak batu zituzten joan den urte bukaeran, eta abenduaren 9an Jose Antonio Santano alkatearekin bildu ziren ere. Idatziz zenbait eskaera luzatu zioten Udalari. Baina funtsean, Euskarazko Jarduera Plana abian jar dezala galdegin zitzaion, eskolaz kanpo aisialdi denboran euskararen erabilera sustatu eta ikasle horiek euskara arnasgune berriak zabaltzen joateko. Sei hilabete iragan dira, eta gurasoen elkarteek ez dute erantzunik jaso udal gobernuaren partetik.

Jeltzaleen sustengua 

EAJ udal taldeak, aldiz, euskararekin konpromisoa eskatu dio alkateari, eta guraso elkarteen eskaera sustengatu berri du publikoki. Izan ere, Udalak antolatu ohi dituen FamiliaOla, Solas Jolas eta aisialdirako jarduerak "eskax" direlakoan daude jeltzaleak. "Eskoletan Eusko Jaurlaritzak du eskumena, baina eskolaz kanpo euskara dinamika berriak sortzeko Udalak badu zereginik, askoz gehiago egin daiteke", dio Xabier Iridoyk.

EAJ udal taldeko bozeramaleak kezka agertu du ere, EAEko Auzitegi Gorenak Irungo udaltzainen oposaketak baliogabetzeko eman duen epaiarekin.