2023 urterako mila etxebizitza publiko prest edo bidean izango dira Irunen

Antxeta Irratia 2021ko mai. 26a, 00:00

Abenduan udal gobernu koalizioaren akordioa izenpetu zutenean, PSE, Elgarrekin Podemos eta Ezker Anitza gobernukideek argi utzi zuten akordioaren bizkarrezurra etxebizitza eskubidea izango zutela. Eta Miguel Angel Paez sozialistak gaur nabarmendu duenez, "sei hilabeteotan udal gobernuak ahaleginak bikoiztu egin ditu hirigintza proiektuen prozesuak azkartzeko". Horri esker, Irunvi sozietateak duen bizitoki publikoen 2.900 eskatzaileen (1.900 alokairu sozialekoak) zerrenda arindu nahi dute lehenbailehen.

Gobernuak aditzera eman duenez, 1.080 etxebizitza publiko 2023rako entregatu edota eraikitzeko bidean izango ditu hiriak. Horietatik 887 SAN MIGEL-ANAKA eremuan, 2022 urteko lehen seihilekoan obrak hastea aurreikusten dutelarik. ALARDE eremuan 52 etxebizitza gehiago, 2023 urte hasierarako entregatzeko prest egongo liratekeenak. Eta 2022an ere hasiko liratekeen Behobiako LASTAOLA-POSTETXEA promozioan beste 100 etxebizitza publiko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren esku diren Elizatxo-Elitxuko ALEI eremuan 50 bat, eta gazteentzako apartamenduak ere, Oinaurren, Aduana kalean eta San Migel auzuneko Migrazio eraikinean.

Epe laburreko neurriak.

Epe laburrera begira, aldiz, behar gehien dituzten herritarrei etxebizitza eskubidea bermatze aldera, hainbat neurri hartuko ditu Udal Gobernuak. Elgarrekin Podemos-eko David Nuñok esplikatu digunez, "Irungo etxebizitza hutsak alokairu merkatura atera daitezen, bizitoki hutsen gaineko IBIa garestitzea, Alokabide programa bultzatzea eta larrialdi sozialean aurkitzen diren pertsonentzako emergentziazko etxebizitzen kopurua %30a emendatuko ditu Udalak".

Haatik, horretarako Eusko Jaurlaritzak etxebizitza hutsa definitzen duen dekretua argitaratu beharko du oraindik. Izan ere, Udalak ez daki zenbat etxebizitza huts dauden hirian. 2017an egindako inkesta baten arabera 2.000 inguru izan daitezke, baina horietatik asko kontsulta eta negozio pribatuetarako erabili ohi dira ere, eta beraz, etxebizitza hutsa zer den definitu bitartean nekez aplikatu ahalko dituzte horien gaineko neurriak.