Garapen bidean diren herrialdeetan lan egiten duten Bidasoaldeko GKEak zailtasun ekonomikoak pairatzen ari dira. Pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz, lankidetzarako dirulaguntzak uzkurtuko direlako beldur dira. Baina Behe Bidasoa eskualdean, arazoa aurretik dator.
Hondarribiako Udalak 2019ko GKEen laguntza deialdia azaroan egin zuen. Beranduegi zenez, hainbat erakunde deialditik kanpo geratu ziren egindako proiektuak justifikatzeko zailtasunen aurrean. Eta 2020ko deialdia berandu zihoala ikusirik, udal administrazioa pandemiagatik lanez gainezka zegoela argudiatuta, 2020 diru partida urtebete atzeratzea erabaki zuen. Hala, 2021 urtean aurrekontua bikoiztu eta deialdia urte hasieran egingo zutela hitz eman zuen Gotzone Larrarte, Ongizate eta Kooperazio arloko zinegotziak.
Aldaketarik ez.
Baina lehengo lepotik burua jarraitzen du Udalak. "Udaberrian gaude eta ez du deialdirik egin oraindik", dio Uzuri Fernandez Abay Etiopiako kideak, "eta GKEek udaletxean galdetuz, ez digute deus argitu ere". Hala; bi urteko laguntza zintzilik dago, eta hura jaso ezean nekez eraman ahal izango dituzte hurrengo proiektuak aurrera. Izan ere, proiektuak bururaino eramateko dirua aurreratu beharretan dira beti, ondoren gastuak justifikatzeko, eta ondoren Udalak ez baditu diruztatzen "zuloa bikoitza" bilakatzen dela salatzen dute. Hala, Hondarribiko Udalaren atzerapenek eskualdeko hainbat GKEren ekonomia kinka larrian jarri dituela salatu dute ohar baten bidez honako erakundeek: Behar Bidasoa, Tadamun, Txingudi vida, Abay Etiopia, Hondarribia Katsikas, Proyde-Proega, DOA (Denon Osasunaren Alde) eta Taupadak.
GKEe zenbaitzuren kasuan "30 urteotan eramandako kooperazio eta lankidetza lanarekin jarraitu" ahal izatea besterik ez dute eskatzen. Izan ere, zailtasun ekonomikoetatik haratago, garapen bidean diren pertsonek pairatzen dituzte ondorio larrienak.