Hondarribian 2017an onartutako HAPO edo Hirigintza Antolamendu Plan Orokorra auzitegiek bertan behera utzi ondoan, Udala ahaleginetan ari da, etorkizunean herriak nolako garapena izango duen, eta zein helbururekin baldintzatuko duen hirigintza plan orokor berria osatzeko. Etxebizitza, ingurumenaren zaintza, mugikortasun jasangarria zein ekonomia jardueraren garapenerako ere, zein aukera dauden diagnostikatu eta eztabaida bultzatuko duen planaren zirriborroa "oso aurreratua" dagoela argitu du Txomin Sagarzazu alkateak. Udal arkitektoaren lantaldea ari da horretan burubelarri.
Hiru bilkura ekainan
Baina HAPOaren izapidetze prozesuaren bigarren hanka, herritarren ekarpenak aintzat hartuko dituen prozesu partehartzailea da. 2021 honetan zenbait saio antolatu dituzte. Eta ekainaren lehendabiziko astean, "ingurumenaren zaintzan, mugikortasunean eta hirigintzan adituak diren pertsona eta eragileekin hiru bilkura" iragarri ditu Maria Serranok.
Bestalde, galdetegi bat ere prestatu dute. Eskuz betetzeko era laburrean, kiroldegian, BAZen eta liburutegian eskura daitekeena maiatzaren 26tik ekainaren 15a bitartean. Edota interneten (ordu erdiko galdetegi sakonago bat) ere bada aukeran, www.hondarribia.eus/hapo atarian.
Dinamika partehartzaile berriak
Txomin Sagarzazu alkateak herritarren partehartzeak duen garrantzia nabarmendu du gaur. Halere, partehartze saioak "kasu askotan saio informatibo gisa" baliatu behar izan dituztela aitortu du, herrian dinamika berri bat piztu bada ere, HAPOa bezalako gai mardul batek iritzi jantziak eskatzen baititu askotan.
Dena dela, zirriborro edo planaren aurrerapena behin osatua egongo denean, erakusketa publiko bat antolatuko dute bizpahiru hilabetez. Eta herritarren eskura egongo den informazio bulego bat ere martxan jarriko dute, galderak eta zalantzak argitu, eta ekarpenak egiten jarraitu ahal izateko.