Liztor asiatikoaren inbasioari neurria hartu nahian dabil Hondarribiko herria

Antxeta Irratia 2021ko mai. 25a, 00:00

Behemendi elkarteak 1.357 liztor asiatiko harrapatu diu Hondarribian martxoaren 9tik apirilaren 28ra jarritako 18 tranpatan. Badira hiru urte halako lanetan dabiltzatela, eta urtean 3.000 euro bideratzen dituzte. Ahal den erregina fundatzaile gehienak harrapatzea dute helburu, bakoitzak mila arraultzetik gora jartzen dituela jakinik. Eta udaberrian eskuhartzea giltzarri da, liztorraren ugalketa eta hedatzea ahal bezain bat apaltzeko. Tranpak jarri diren tokien artean, Puntala auzoa, Domingotxoenea, Marisantzenea, Higer Bidea, Bixkundi, Bidasoa pasealekua, Arkolla, Jaitzubia edota Jaizkibel Etorbidea aipa daitezke.

Mikel Zendoia, Behemendiko arduradunak esplikatu digunez, kanpaina hauen helburu nagusia hiritarrari segurtasuna eta lasaitasuna ematea bada ere, 2010az geroztik etengabe hedatzen doan liztor asiatikoak benetako kaltea ingurumenean eragiten du. "Bertako erleak erasotzen du, erlauntzen sarreran jartzen dira eta atera ahala akatzen dituzte, edo erleak beldurtuta ez dira kabitik ateratzen eta gosez hiltzen dira". Erleak dira polinizazio prozesuen %80aren arduradunak naturan eta gure baratzeetan ere". Hala, azken urteetan laborantzan somatzen hasia da, erle gutxiago dagoenez, gehiago erein beharra dutela uzta berbera lortzeko. Lore asko ernaldu gabe geratzen direlako.

Udaberriko kanpaina bukatutzat eman badute ere, lanean dihardute liztor asiatikoaren kontra. Beraz, hauen presentzia baieztatuz gero, 931 111 313 zenbakira deitzeko eskatu du Udalak. Bereziki zuhaitzetan egin ohi dituzten kabiak garai hauetan "tenis pilota" baten tamainakoak dira, eta udazkena bitartean handitzen doaz. 

Erlazionatuak