Giza eskubideen aldeko euskal herritar oro mobilizatzera deitu du Harrera Sareak

Antxeta Irratia 2021ko mai. 22a, 00:00

Irungo Harrera Sareak, Cimade, Etorkinekin, Bizi eta Diakite migranteen eskubideen aldeko eragileek, manifestaldia deitu dute maiatzaren 29an. Egun horretan, arratsaldeko 17:00etan, Irungo eta Hendaiako udaletxeen aurretik bi zutabetan abiatuta, mugako Santiago zubira joango dira bertan elkartzeko.

Migratzaile guztientzat harrera duina eta migrazio politika arrazisten ondorioz etengabekoa den pertsonen ehiza gelditzea aldarrikatuko dute. Izan ere, Antxeta Irratian hainbatetan aipatu bezala, espainiar Estatuan euren migrazio bidean hilabete bateko epea gainditu duten migranteek, ez dituzte agintariek agindutako irizpideak betetzen, eta Gurutze Gorriko harrera zentroan ez dituzte onartzen. Horren ondorioz, apirilaz geroztik 30 gaualdi atendidut behar izan ditu Harrera Sareak, erakunde publikoek kale gorrian utzitako pertsonek kanpind dendatan edota pentsiotan lo egin zezaten bermatzeko.

Muga oztopo 

Oihana Galardik, Harrera Sareko kideak euskal administrazioko maila guztiei harrera duina bermatzeko behar aldaketak egin ditzatela, eta Europako migrazio poltika arrazistak bertan behera utz ditzaten galdegin die. "Ezin dugu normalizatu bizitza hobeagoaren bila datozenen sufrimendua. Sahara, Mediterraneoa, Atlantikoa, eta Bidasoako mugak eremu geografikoak soilik behar lukete izan, ez migranteek heriotza aurkituko duten tokia".

Azken bi asteotan Irunera heldutako migranteen kopurua bikoiztu egin da. Eta mugan Frantziako poliziak eta jendarmeriak indarrean atxikitzen dituen 24 orduko kontrol arrazistak direla eta, "mugazgaindiko herritarrok erabiltzen ditugun bideetatik beharrean, migratzaileak bide eta modu arriskutsuagoak bilatzera behartuak daude muga gurutzatzeko". Poliziaren kontrolak hala segituz gero, Irun eta Hendaia artean enbutua eragin, eta ezbeharren bat gertatuko delakoaren beldur dira. Hortaz, arrazismoa eta xenofobia hauspotu eta indartzen duten politikak baztertu, eta giza eskubideak segurtatuko dituzten politikak abian jartzea premiazkoa dela nabarmendu dute.