Hondarribiako Alde Zaharreko Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren eliza herriko altxorretako bat da. Hondarribiako skyline edo ortzmuga markatzen baitu, XV. mendeaz geroztik bere kanpandorreak alturetatik herria zaintzen duelarik. Estilo gotiko-barrokokoa XVIII. mendera bitarteko elementuak ere gordetzen ditu bere baitan, eta Euskadiko Interes Kulturaleko Ondare izendatua da. Baina premiazko konponketa beharretan dago.
Rafa Olaizola apaizaren arabera, "erretabloen egurra pipiak jana dago, erlojupeko lasterketa bat dugu hauek akatu eta tratamendu batekin salbatzeko". Bestalde, sakristiaren kareharrizko arku eta egitura nagusiak pitzadura larriak dituzte. Eta Etxenagusia margolariak sabaian egindako obrak zikin eta ilunak daude. Era berean, bertako zein aldare aldeko lurzoruko egurrak berritu behar dira ere.
Duela zenbait urte kanpandorreko kanpaiak zaharberritzeko egin izan zen bezala, herritarren laguntza eskatu dute oraingoan ere, eta diru bilketa kanpaina bat abian jarri dute Hondarribiko parrokiatik. Hilero "bakoitzak nahi eta ahal duen heinean" lagundu dezan, bazkidetza txartelak eskura jarriko dituzte Guadalupeko santutegian zein Portuko eta Alde Zaharreko elizetan ere. "Euskaldun fededun, ez da dagoeneko ohikoena, baina kristauak ez diren herritarrak ere hurbiltzen ari dira herriko ondare den elizaren egoerarekin kezkatuta daudelako, eta laguntzeko prest", esan du Olaizolak.