Hendaiako herriak bizikletendako urratsak ematen jarraitzen du mugikortasun eztiaren alde

Antxeta Irratia 2021ko mai. 20a, 00:00

Maiatzaren 11az geroztik Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren dekretuaren aginduz Irun eta Hondarribia 30 hiriguneak izatera iragan diren bitartean, Hendaiak ere urrats berri bat emango du zentzu horretan. Tren geltokiaren berritze lanak eremu hori egokitzeko probestu eta gero, Hendaia Txirrinda Kolektiboak eskatuta 260.000 euroko diru partida onartu du Herriko Kontseiluak Hendaiako Hondartza eta Intzura auzoetan hainbat gune 30 Eremuak bilakatzeko.

Hondartzako 30 eremuari dagokionez, egokitzapen lanak hasi dituzte, eta uztailaren lehenetik aurrera hondartza aldean 30 gunea froga gisa plantan ematea da Herriko Etxearen xedea. Zokoburu osoa ez ezik, Kasino zaharra eta Palmondoko biribilgunerainoko gune komertziala eta Santa Ana elizaren inguruak ere, bizikleta eta oinezkoendako lehentasuna izango dute.

Erlaitzako bidea zirkulazioari hestea.

Bestalde, Hendaiako Abbadia eta Zokoa bitarteko Erlaitzako bidean (Kornisako errepidea) urtean 12 igandez bizikleta eta oinezkoendako erreserba dezatela galdegin du kolektiboak. Azken urteetan, iraileko azken igandean itxi ohi dute familientzako Erlaitzaren Egunean. Eta hau udaberritik udazkenera luzatu dezatela eskatzen dute. Mementuko, 500 sinadura biltzeko helburua dute, eta horretarako kanpaina abian jarri dute change.org plataforman eskaera sustengatzeko. 

Miguel Jimenez, Hendaia Txirrinda Kolektiboko kidearekin hitz egin dugu.