Agintarien konplizitatea salatu eta saharar herriaren askatasuna aldarrikatu dute Irunen

Antxeta Irratia 2021ko mai. 20a, 00:00

Azken egunotan Fronte Polisarioko burua (Brahim Galli) Espainar estatuko ospitale batean COVIDaz artatua izan ondotik, Maroko eta Espainiaren arteko diplomazia krisia eta Marokok xantaia gisa baliatu dituen milaka migranteen krisiaren baitan, Mendebaldeko Sahararen gatazka berriz ere mahai gainera etorri da.

Gaur Irungo Zabaltza plazako kioskoan, Mendebaldeko Sahararen okupazioaren eta gerraren aurrean Nazio Batuen Erakundearen eta Espainako Gobernuaren "konplizitatea eta isiltasuna" salatu dute. Gizarte zibileko hamaika elkartek, euskal gehiengo sindikalak (LAB ,ELA eta Steeilas) eta ezkerreko zenbait alderdi politikok (EH Bildu, Elgarrekin Podemos eta Ezker Anitza) izenpetutako 8 puntuko manifestu batekin.

Tadamun elkartea da, mugimendu honen zutabe nagusia, baita saharar herriarekin elkartasunean azken hamarkadetan errefuxatu akanpalekuetara laguntza eraman duen erakundea ere. Junkal Bauza, Tadamun elkarteko Irungo kideak oroitarazi digunez, "joan den azaroan ere 300 bat lagun bildu ziren Zabaltza plazan bertan, Marokoko armadak eraso militarrari berrekin zionean". Eta 45 urte baino gehiagoren ondotik, saharaui herriak bizi duen erbestealdia, errepresioa eta okupazioa gaitzesteko 'Saharar Herriaren Askatasunaren Aldeko MARTXA'ri ekin diote Irundik. Gasteizen bururatuko da ekainaren 6an, eta bidean, kaleko ekimen bat aurreikusten dute maiatzaren 30ean Donostian.

Irungo ekitaldian Tadamuneko kideekin ez ezik, saharar herria sustengatzera hurbildu diren EH Bildu eta Elgarrekin Podemos-eko ordezkariekin hitz egin dugu. Eta behin ekitaldia bukatutakoan, eta manifestua irakurri ondotik, espainiar Estatu mailan Marokoren interesak babesten dituen PSOEko kidea bada ere, Jose Antonio Santano Irungo alkate sozialista bertara hurbildu da ere, Irungo 15 bat familia saharauiak eta haien aldeko kolektiboak babesteko.