Bisitari esploratzaileak, adineko "silver" turistak eta laneko negozio turismoa erakarri nahi dute Irun-Hondarribian sektorea desestazionalizatzeko

Antxeta Irratia 2021ko mai. 20a, 00:00

Bidasoa Bizirik erakundeak 2020-2025 Turismo Dinamizazio Plana aurkeztu berri du. Sektorean eskualdea birkokatzeko helburua du, eta 2020ko otsailerako prest bazuten ere, pandemia iritsi zen gero, eta behar eta egoera berrietara egokitu behar izan dute.

Gura Neuro Marketing enpresak egin du turismo mailan eskualdeak dituen errekurtsoen araberako diagnostikoa. "Bisitari gehiago baino, gehiagotan, hau da, sektorea desestazionalizatu eta urte osoan zehar turismoa sektore aktiboa izan dadin" bilatzen duen plana dela nabarmendu du Jon Elzo Gura Neuro Marketin enpresako proiektuaren eramaileak. Aipatu digunez, turismo sektoreko profesionalekin modu partehartzailean osatutako plana da. Eta hauek entzun eta dauden baliabide turistikoak kontuan hartuta, hiru turista perfil erakartzeko helburua markatu dute plan berri horretan: bikote edo familia esploratzailearena, udazkenetik udaberrira etor daitezkeen adineko pertsonak (silver turistak) eta azoka zein enpresa bileretatik eratorritako bisitariak.

Hiru bisitari mota begiz jota 

Zentzu honetan, Ficoba, Gipuzkoako erakustazoka bakarra Irunen dagoela probestu nahi dute, honi ere zukua ateratzeko. Aisialdi turismoari dagokionez, "euren urteko egunik hoberenak pasatzera datozten turistentzako eskaintza aberatsa" du eskualdeak. Irun-Hondarribia ez daude isolatuak, eta Euskal Herriko beste eskaintzak ere osagarri diren heinean, eskualdetik atera gabe hiru zutabe edo eskaintza mota identifikatu dituzte eskaintza komunikatzeko. Hondarribiako itsas-kirol aukerak, Aiako Harria Natur Parkea edota Plaiaundiko Ekopareka eta Parke Ornitologikoarekin baliabide naturalen marka sustatu nahi dute batetik. Bestetik, Oiasso Museoa eta Hondarribiako Erdi Aroko historia eta eskaintza kulturala. Eta azkenik, Irun eta Hondarribiaren artean osagarri diren eskaintza gastronomikoa eta komertziala.

Bestalde, Irungo eta Hondarribiako turismoari begirako seinaletika eta komunikazio kanpainak bateratuko dituzte. Eta orain artean ez bezala, Bidasoa Bizirikek eskualdeko Turismo Mahaia deituko du aurki. Maria Serrano, Bidasoa Bizirikeko presidentaordeak nabarmendu duenez, "bertan sektoreko eragile pribatuen partehartzea sustatu nahi da, eurek dakitelako inork baino hobe sektoreak eskatzen duena, turistekin harremanetan lan egiten baitute".

Hala, profesionalek "usaimen ona" dutela kontuan hartuta, pandemiarengatik ez ezik, 2025era bitartean eman daitezkeen gainerako aldaketei egokitzeko bizirik behar duen plana da. Eta Bidasoko Turismoaren Mahai horretan hartuko diote neurria.