Bidasoko AEK euskaltegia: ikasleak apaldu ez dituen salbuespena Euskal Herrian

Antxeta Irratia 2021ko mai. 20a, 00:00

Korrikarik gabeko urtea izanik, ekonomikoki pandemiak gogor kolpatu du AEK aurtengoan ere. Baina osagarri krisiaren ondorioak eguneroko euskalduntze dinamikan ere eragina izan du. Euskal Herri mailan, 2.300 ikasle gutxiago matrikulatu baitira ikasturte honetan, %6ko apaltze batekin, azken urteotako gorantzako joera apurtuz. Izan ere, pandemiaren aurreko ikasturteetan, urtetik-urtera 500-1000 ikasle gehiago batu izan dira AEKrekin euskalduntzera.

Haatik, Bidasoko AEK oasi ttipi bat izan da korronte orokorraren kontra. Izan ere, matrikula eskaera bere horretan ez ezik, emendatu egin da. Beñat Alzaga, Irungo AEKko arduradunaren ustetan, "jendeak pandemiaren ondorioz izan duen denbora libre hori euskara ikasteko baliatu nahi izan duela dirudi". Halere, osasun neurriak direla medio, 40 urteko historian lehen aldikotz ezezkoa eman behar izan diote bati baino gehiagori. Talde murriztuak eta ditantziak gordez eman beharreko klaseak egokitu behar izan baitituzte.