SOS Arrazakeriak eta Irungo Harrera Sareak espainiar poliziaren kaleko kontrol arrazistak salatu ditu. Hirierdian zein mugaldean ere, "beltza den orori" paperak eskatzen ari dizkiotela diote, Madrildik bidalitako mugazain polizien kontrolak itogarriak izateraino.
Alarma Egoera bertan behera geratu denez geroztik, eta harekin itxiera perimetralak ere, migranteen kopurua bikoiztu egin da Irun-Hendaiako mugaldean. Joan den asteburuan 86 lagun jaso ditu Gurutze Gorriak Arretxe Gainako harrera zentroan, eta 153 pertsona ezberdin izan dira maiatzaren 10etik 16ra bitartean. Egoerari neurria hartzeko baldintzak ematen dira oraindik ere Harrera Sarearen arabera, baina azken orduetan Espainiak Marokorekin dituen kanpo-mugetan emandako migrazio krisi larria batetik, eta aurretik Kanariar Irletan pilatutakoen etorrera bestetik, datozen asteetan Irunen enbutu berri bat eman daitekeela iragarri dute bolondresek. Are gehiago frantses poliziak Santiago eta Pausuko zubietan 24 orduko kontrol zorrotzak mantentzen dituzten bitartean.
Kontingentzia plana prest.
Hau dela eta, Eusko Jaurlaritza aurreikuspenez lanean ari dela jakin izan dugu Antxeta Irratian. Gipuzkoako Foru Aldundia, Irun eta Hondarribiko Udala zein Gurutze Gorria eta CEAR erakundeekin osatzen duten erakundeen arteko mahaia ekaina hasieran bilduko bada ere, lanean ari dira dagoeneko, martxoa eta apirilan indarrean egon zen migrantei harrera egiteko Kontingentzia Plana berriz aktibatzeko. Udaberri hasieran 1.073 lagun artatu zituzten abian jarritako dispositiboetan. Eta oraingo honetan ere, Irungo Arretxe Gaina eta Erromesen egoitzarekin batera, Hondarribiako Juan Sebastian Elcano aterpetxea (12 ohe) eta Jostaldi pilotalekua (100 ohe) egokitzeko prest egongo lirateke ekainerako.