Atzo hasi zen 'Hondarribia zu zara' kanpaina, Hondarribiko ostalaritzak eta merkataritzak dakarren aberastasun kulturala eta ekonomikoa herritarren aurrean balioan jartzen duen ekimena.
Ekainaren 31a arte plan honek hondarribiar guztiek kate honetan ematen duten balio erantsia hurbildu eta ikusarazi nahi du. Maria Serranok, Sustapen Ekonomikorako, Merkataritza eta Turismo zinegotziak argitu du, kanpainak ez duela "ostalaritza eta merkataritza sektorea bakarrik ikusarazten. Herriko sare ekonomikoaren balio-kate osoa sartzen baita, ekoizlearengandik hasi eta azken kontsumitzailearenganaino".
Kanpaina aurrera eramateko, pandemiaren ondorioz herriak ekonomikoki sustengatu behar izan dituen herriko ekonomia sektoreetako langileak, pertsonak... azken batean, izen-abizenak dituzten herrikideak eta haien aurpegiak erabili dituzte kanpainaren irudi gisa. Hondarribiko sare ekonomikoaren ordezkaritza garrantzitsu batek parte hartu du: 50 pertsona, ostalariak, merkatariak, arrantzaleak, saregileak, baserritarrak, landetxeetako arduradunak…
Kanpaina martxan da, eta 5 totem jarri dituzte, Mendelun, Amuten, Zumardian, Kiroldegian eta Hondartzan. Eta 18 kaleko afitxa Portu auzoan zehar. Bideo bat ere argitaratu dute, www.hondarribia.eus/zuzara atariarekin batera.