Pandemiak erakutsitakoarekin, eta otsaileko sute bortitzetan herrian hunkitutako 364 hektareak gogoan dituztelarik, Behe Bidasoa eskualdeko herririk txikienak bere segurtasun protokoloa eztabaidatu berri du. Maiatzaren 3ko Biriatuko herriko kontseiluak Herriko Segurtasun Plana modifikatzea onartu zuen, eta hortan, sute, uholde eta ohiko larrialdiei aurregiteko neurriak ez ezik, Biriatuko herriak elikadura subirautza lortzeko bidean hainbat neurri plantan ematea deliberatu dute.
Ainhoa Aguirre hautetsiak erran daukunez, "pandemia bat edo kontsumo-sistema blokatu dezakeen edozein larrialdi egoera eman daitekeela ere, herritarren elikadura bertatik segurtatu ahal izaitea helburu du planak". Horretarako, tokiko ekoizleekin eta kontsumitzaileekin lan egingo dute, saretze lan baten egiteko. Eta herriko lorategietan kontsumo komunalera bideratutako oihana-baratzak antolatzeko baliatzea ere aurreikusten dute, besteak beste.
Berrikuntza anitz.
Biriatuko herria biziberritu nahian dabil herriko gobernu berriak. Egitasmo eta proposamen ezberdinak aurkeztu berri dituzte. Eta irailetik goiti auzo bilkurak egingo dituzte ahal bezain bat herritar inplikatu eta proiektuak partekatzeko xedez.
Momentukotz, herriko elkarte eta eragile ezberdinekin bilkurak abiatu dituzte, udaran «Tradizioaren Eguna» berreskuratzeko. Eta pandemiak utziko duen heinean, kultura jarduerak berreskuratzen hasteko ere, (EEP) Euskararen Erakunde Publikoarekin urtean zehar kultur jarduerak eskeintzeko hitzarmen bat izenpetuko dute.
Era berean, 1.000 biztanleko herria izanik, Biriatuk ez du udaltzain posturik gaur egun. Eta kale segurtasuna zein mendien basozaintza lanetan laguntzeko ere, Azkaineko herriko etxearekin akordio bat izenpetu dutela jakitera eman digu Ttittof Haramboure hautetsiak. Hango udaltzain batek hartuko du Biriatun zaintza eta behar laguntza segurtatzeko ardura.