Irungo Udalak 2021-2025 urtealdirako Mugikortasun Jasangarrirako Plana osatzeko prozesuari abiada eman zion joan den astelehenean. Mugikortasun jasangarria ez ezik, energia eredua aztergai izango duen Jasangarritasun Energetikorako Partaidetza Batzordearen lehendabiziko bilera besterik ez da izan. Abiapuntua.
Baina hiriaren etorkizuna eta hartu beharreko neurriak zehaztuko dituen plana izaki, mugikortasun bost fasetan banatuko den prozesu parte-hartzailea izango da. Eta hortan, EH Bilduk argitu du, ahal bezain partehartzailea izan dadin defendatuko duela. Baina batzorde horrek bi zutabe nagusi dituela.
Energia Berdearen bulegoa
Hala, mugikortasun jasangarria garrantzitsua izanik ere, energia eraginkortasuna eta eredu energetikoa oinarrizkoa dela. Udalak azken urteetan Energia eta Jasangarritasunerako Ekintza Planaren neurriei esker, negutegi efektuko isurien %20ko apaltzea lortu duela jakinarazi du. Eta 2007tik 2019ra energia kontsumo osoaren %4a murriztu duela nabarmendu dute lehen bileran. Gaur egun Udalaren argindar kontsumoa Irungo hiri osoaren %1,5a baino ez du suposatzen.
Koalizio abertzaleak bere partetik, Energia Berdearen Bulego baten sorrera aldarrikatu du azken bi agintaldietan. Eta errotik defendituko du batzorde honetan. "Kontua ez da autobus elektrikoak martxan jartzea, argindar hori nondik ateratzen den eta modu garbian sortzeko gai ote garen aztertzea baizik", dio Jokin Melidak.
Eskualde mailako ikuspegia
Era berean, EH Bilduko bozeramaleak nabarmendu du, energia ereduaren eztabaida eskualdeko ikuspegitik eraman beharra dagoela. Bere ustetan ez du zentzurik, "auditoria energetiko bat egin behar baldin bada, edota errota eolikoak instalatzeko proiektua planteatuko balitz ere, Hondarribia ez kontuan hartzea".
Horretarako, Txingudiko Mankomunitatea eta Bidasoa Bizirik erakundeak ere inplikatu beharko direla iragarri du, eta eskualde mailan "orain arte aztertu egin ez den" ekonomia sozial eraldatzailearen aldeko apostua egin.