Mugako korapiloak bere horretan jarraitzen du Alarma Egoera ezeztatuta ere

Antxeta Irratia 2021ko mai. 12a, 00:00

Bidasoaldeko herritarrentzako egoera ez da aldatu mugetako kontroletan. Espainiako Gobernuak “Alarma Egoera” ezeztatzearen ondorioz, Euroeskualdea osatzen duten Nafarroa eta EAEn etxeratze aginduak eta itxialdi perimetralak bertan behera gelditu dira. Hego Euskal Herriko lurraldeen arteko zirkulazioa baimendu dute, baina neurri hauek ez dute mugetako pasabideetan eragin handirik izango.

Arola Urdangarin, Euroeskualdeko bulegoko zuzendariak esan digunez, orain arte bezala, mugazgaindiko langileak eta mugetatik 30 kilometrotara bizi direnak Iparraldetik Hegoaldera pasatzeko ez dute arazorik izango. Aldiz, 30 kilometro baino gehigoratara bizi direnek, azken 72 orenetan egindako PCR negatibo bat aurkeztu beharko dute.

Momentuz, mugetako pasabideetan frantses poliziak eta jendarmeek ezarriak dituzten 24 orduko kontrolak noiz arte indarrean egongo diren ez da argi. Aldiz, Frantziako Gobernuak, ekainaren 30a epemuga jarri du azken murrizketa neurriak kentzeko eta horrek egoera aldatuko luke. 

Erlazionatuak