Irungo 'Parketarrak' euskaraz jolastera gonbidatu ditu Udalak datozen hiru ostiraletan

Antxeta Irratia 2021ko mai. 11a, 00:00

Irungo Udaleko Euskara arloak hiriko parkeetan eskuhartuko du euskararen erabileran eragin nahian. Familiaola programaren baitan, aisialdi garaian euskaraz gozatzeko testuingurua eskaini nahi die 2-9 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei. Hirian 54 haur-parke edo jolasgune daude, eta Miren Etxebeste Euskara arloko ordezkariaren ustetan, "euskararen erabilera sustatzeko eraginkorragoa da haurrengana euren egunerokoan hurbildu dinamika berriak proposatuz, behin-behinekoan eta leku arrotz batean jarduerak proposatuz baino".

Hala, parkeetan ibili ohi diren erabiltzaileentzat 'Parketarrak' izeneko ekimena abian jarriko dute maiatzaren 14, 21 eta 28an (ostiralak). Urtxintxa Eskolaren eskutik, haurrei aisialdi garai horretan euskaraz aritzeko jolas dinamikak proposatuko dizkiete. Halere, ez da haurrak dinamizatzaileen ardurapean uzteko kaleko ludoteka bat izango, gurasoen partehartze aktiboa nahi baita.

Jarduerak dohainik dira, eta ez da aldez aurretik izenik eman behar. Parkera hurbilduko diren haurrekin ariko dira, seinakako taldeak osatuko dituzte pandemiaren ondorioz, eta distantziak gordeko dituzte gainerako osasun neurri guztiekin batera.

Lehen hitzordua Jenaro Etxeandia plazako haur-parkean izango da maiatzaren 14an, 17:30etik 19:30etara. Hurrengo hitzorduak, maiatzaren 21ean (Gain Gainean parkea) eta maiatzaren 28an (Palmera-Monteroko Nagore Laffage parkean)