Irungo Harrera Sareak iragarri duenez, mugikortasuna murrizten zuten neurriak joan den larunbatean Alarma Egoerarekin batera bertan behera geratu ondoan, migratzaile gehiago iritsiko dira Irun-Hendaiako mugara. Berez, joan den astean iada ohiko 80 bat lagunen batezbestekotik 140 bat izatera iragan da. Eta asteburuan ere 50 lagun inguru iritsi dira. Harrera Sareak ohartarazi du Kanariar Irletara iritsi berriak diren emakume gazteak heltzen ari direla egunotan Irunera. Maiatzak 10ean (astelehenean) 9 emakume gazte izan dira.
Anartean, Eusko Jaurlaritzak bildutako datuen arabera, maiatzaren 3tik 9ra bitartean, 112 laguni harrera egin diete Gurutze Gorriak Arretxe Gainan kudeatzen duen harrera zentroan, eta 213 pernoktazio zenbatu dituzte. Ez dute Erromesen egoitza aktibatu behar izan, baina lekua egon arren, Harrera Sareak aktibatu duen bidegabekeriaren kontagailuaren arabera, 3 lagun kale gorrian utzi dituzte aste horretan. Pasa den asteburuan bertan Harrera Sareak Italiatik sartutako migrante bati pentsioa ordaindu behar izan zion kale gorria gera ez zedin.