Kanpotik iritsitakoentzat eta DBHkoentzat udako euskara errefortzua proposatzen du Irungo Udalak muxu truk

Antxeta Irratia 2021ko mai. 7a, 00:00

Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak ikasturtean zehar eskolan ikasitakoa gal ez dezaten, euskaran errefortzua proposatzen die haur eta gazteei. Batetik, 2007az geroztik antolatzen duten UdaGiro programan, Euskal Herriaz kanpotik iritsi berriak diren familietako haurrei zuzendutako euskarazko jarduerak. Eta bestetik, pandemiak eragin duen behar bati erantzuteko ere, DBHko ikasleei zuzendutako euskarazko errefortzu klaseak.

Euskara, eskolatzeko oinarrizko tresna den heinean, hizkuntzarekin zailtasuna duten atzerriko ikasle hauentzat ezinbestekoa da maila egokia eskuratzea, euren heziketa prozesuan atzean ez geratzeko.

Ikastaroak erabat dohainik dira, eta maiatzaren 26a bitartean izena eman daiteke. Dena dela Irungo ikastetxe guziei helarazi zaie aukera, irakasleek dituztelako hobekien ikasleen beharrak ezagutzen.

Miren Etxebeste Euskara zinegotziak eta Josebe teknikariak eman dizkigute xehetasunak.