Maiatzaren 11tik aurrera Hego Euskal Herriko hirigune guztietan 30 kilometro orduko abiadura muga plantan emango dute. Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak sustatutako dekretuaren ondorioz, hirigune guztietan hori izango da gehienezko abiadura muga, jende asko biltzen den guneetan izan ezik, 20 kilometrokoa ezarriko dutela.
Hondarribia ez da salbuespena, eta Kalixa Silanes zinegotziak jakinarazi duenez, asteartetik aurrera Zuloaga kalean edo Harresilanda kalean, Zumardiaren parean ere 20 kilometroko muga indarrean ezarriko dute. Eta orain 50 km/ordukoak ziren hainbat bide 30ekoak izatera pasako dira. Hala nola, Baserritar Etorbidea eta Sabino Arana kalea. Era berean, dagoeneko proba gisa abiadura muga apaldua zuen Ramon Ibibarren pasealekuan ere, 30ean jarraituko du, beraz hondartza inguru osoa.
Irun aitzindaria
Neurri berriaren helburuetako bat, klima aldaketaren kontrako borrokan trafikoaren kutsadura isuriak apaltzea izanik ere, harrabotsa gutxitu, eta bide batez, zirkulazioa mantsotzearekin istripuak apaltzea ere bada. Irungo Udalak 2011n erabaki zuen Colon pasealekua, Iparralde eta Gipuzkoa etorbideak 30 eremuak bilakatzea. Eta 2013an hirigune osora hedatu zuen.
Borja Olazabal zinegotziak nabarmendu duenez, neurria eraginkorra dela egiaztatu da honezkero. "Orduz geroztik istripuak erdira apaldu dira Irunen, urtero 400 ziren, eta 2019an 222 besterik ez, eta kutsadura isuriak ere %20 apaldu dira".
Egindako azken abiadura neurketen arabera, gaur egun irundarren %84ak errespetatzen den du abiadura muga, eta trafikoaren batezbestekoa 32-ekoa da, 2013-2015 urtealdian 42koa zenean. Halere, horren zorrotz betetzen ez dutenak ere badira, eta zenbait eremuetan bereziki. San Martzial kalea, Junkal kalea, Eguzkitza kalea eta Letxunborro hiribidean gutxien errespetatzen diren guneak dira.