Udalaren urte luzeetako dinamikak aldatu eta euskalgintzarekin zubiak eraiki nahi ditu Euskara arloko ordezkari berriak

Antxeta Irratia 2021ko mai. 6a, 00:00

Miren Etxebeste (Elgarrekin Podemos) zinegotziak abenduan hartu zuen Euskara arloko ardura, gobernu koalizio berria osatu ondotik. Euskara itzultzaile lanetan ibilkia, azken urteetan PSE eta EAJ taldeek egindako kudeaketa baino perfil teknikoago batekin, arloari eta euskarari fabore egingo diolakoan dago.

Euskara Udaletxe barruan eta kalean 

Kargura iritsi bezain pronto Udaleko departamendu guzietako zuzendariekin bildu zen, Udalak dituen 300ndik gora langileen artean euskararen erabilera "modu transbertsalean sustatzeko garaia iritsi dela" jakinarazteko. Izan ere, Udalak urte luzeetan izandako lanmoldeak eta dinamikak berritzeko helburua du Etxebestek.

Agintaldia bururatzeko geratzen diren bi urte, sakoneko aldaketak eragiteko ez dela aski izango aitortu digu. Baina momentuz, Udaleko Euskara Aholku Batzordeari herri batzar izaera eman, eta ahal bezainbeste eragileren partehartzea sustatu nahi du. Eta heldu den urteko Euskaraldiari begira ere, parte-hartze prozesu bat abian jarriko dute batzorde propio bat sortuz.

Kanpora begira, eta euskararen erabilera bultzatzeko xedez, Euskara Ekintza Planak aurreikusten dituen hainbat programa eguneratzeko beharra nabarmendu du. Badira 15 urte programa asko ez direla euskararen beharretara eta teknologia berrietara ere egokitu.

Euskalgintzarekin zubiak eraikiz 

Bestalde, azken urteetan euskalgintzaren eta Udalaren arteko harremanak ozpindu egin dira, eta aldendu egin direla agerikoa da. Horretan ere, "harremanak ehundu eta Udala euskararen normalkuntzarako akuilu lanak egiteko elementu bateratzailea bilakatu" beharko lukeela uste du"Dinamika aldatu eta euskalgintzarekin harremanak ehundu behar ditu Udalak, orain artean bere kabuz egin ditu gauzak, euskal eragileen iritzia kontuan hartu gabe, eta haiengana jo duenean ere, berandu zen gehienetan", dio Etxebestek.

Zentzu honetan, 40 bat eragile eta pertsona bildu dituen Eztena proiektuarekin interesa agertu du zinegotziak. Herritik sortzen diren ideiak eta jarrera ekintzailea beti ongi etorria da, eta aukerak aprobetxatu behar dira", bere ustetan. Eta "euskara sektorizatzen ez duen bitartean" proiektu horretan bidelagun izateko prestutasuna adierazi du Antxeta Irratian.