Recondo-Pasquier-eko langileak Udalaren jokamoldearekin dezepzionatuak daude

Antxeta Irratia 2021ko api. 29a, 00:00

2019ko ekainean udal ordezkariekin egindako bilkuran, Jose Antonio Santano alkatearen konpromisoa lortu zuten, lursail industriala eraikigarria izatera pasatzeko birkalifikazioa ez zutela bultzatuko lan-gatazka argitu artean. Javi Iribarren, enpresa komiteko kideak esan digunez, "PSE minorian zegoenean ez zuten presarik, eta orain Elgarrekin Podemos-Ezker Anitzarekin koalizioan gehiengoa dutela akordioa bozkatu nahi dutela ezin dugu sinetsi".

Hala, Irungo Udala eta Pasquierren arteko akordioa kontuan hartuta, Azken Portuko hirigintza-antolamendu plazan udalbatzan onartuko balitz, 40 langile kaleratuak izango lirateke. Beste 10 prejubilatzea eta gainerako lantalde erdia Landetxako lantegira kategoria galduta (urtean 3.000tik 8.000 eurotaraino galduz) lekuz aldatzea proposatu die enpresak. 30 urte baino gehiago lanean daramaten langile askok, erretiroan pentsioa %28 apaltzeko arriskua dutela gaineratu du Iribarrenek.

Proiektu urbanistikoa 

Oroit, Recondoko lursail industriala birkalifikatu, eraikigarri egin, eta bertan 200 etxebizitza eta 245 aparkaleku eraikitzea aurreikusten duela Udalak. Talde ekologistek "pelotazo urbanistikotzat" jo dute, eta babes berezia duen hezegune eta ibai bazterraren kontrako afekazioa ere salatzen dute.