Hondarribiak min egiten zion Constantino Virto Olascoagari. Jakinmin eta jakituria handiko gizona izaki, prezisio handiko artista, margolaria eta alor ezberdinetan ikerlaria ere, bere herriko historia eta ondare material zein inmaterialaren gordailu ere bazen. Umila zen heinean, ez zituen laudorioak eta omenaldiak maite. Baina egiten zuen guztia hondarribiarrek jakin eta goza zezaten helburua bazuenez, Arma Plaza Fundazioak bere ekoizpenaren parte bat bildu du 'Constantino Ezagutzen' erakusketan, eskertza eta omenaldi gisa.
2019an zendu zen Ttino Virto, baina bere eskuz egindako margolanak, grabatuak, harresiko arkitektura bozetoak edota 'Arrantzaleak' liburuan bildutako herriko baxura arrantzari buruzko tresna eta teknikari buruzko jakituria, betirako denen eskura dagoen altxorra izango dira.
Erakusketa Arma Plazako goiko solairuan bisitagarri izango da apirilaren 29tik maiatzaren 23ra, egunero, 10:00etatik 18:00etara, eta igandetan 10:00etatik 14:00tara.