Lesbianen kolektiboaren manifestuarekin bat ez egiteko EH Bilduk emandako argudioak hutsalak direla salatu du Berdintasun ordezkariak

Antxeta Irratia 2021ko api. 28a, 00:00

Gainerateko udal talde politikoek izenpetutako manifestua Berdindu zerbitzutik zetorrela, lesbianen kolektiboak landutakoa zela nabarmendu du Miren Etxebestek. Argituz, ez zela Ikusgarritasun Lesbikoaren Nazioarteko Egunari lotutako adierazpen instituzionala, manifestu bat baizik. Eta Udalak legitimoak diren aldarrikapen horiekin bat egin behar zuelakoan, izenpetzera gonbidatu zituztela alderdi politiko guztiak.

Zentzu honetan, Oihana Briones-ek (EH Bildu) aipatutako "aurpegi zuritzea" lekuz kanpo dagoela uste du Elgarrekin Ahal Duguko ordezkaria. Eta 5 eguneko epean presaka egin zela aitortu badu ere, ekarpenak egiteko aukera eman zela gaineratu du. Hala, ekarpenik egin gabe manifestuari uko egin ondotik, "Udalak konpromisoak hartzeko aukera bat galdu" duelako salaketarekin ez da ados agertu.

Halere, nazioarteko egunetako adierazpen insituzionaletatik haratago, egunerokoan LGTBYQ+ kolektibo guztien eskubideen alde politika aktiboak egitera, eta ekarpenak behar diren lekuan egiteko gonbidapena luzatu dio Etxebestek EH Bilduri.