Ekintzaileak lagundu eta abian diren negozioen modernizaziorako 60.000 euroko laguntza deialdia luzatu du Hondarribiako Udalak hirugarrenez

Antxeta Irratia 2021ko api. 27a, 00:00

Kili-kolo dabiltzan enpresak laguntzak aktibatu ditzaten esperoan diren bitartean, Hondarribiako Udalak enpresa berriak sortzen dituzten ekintzaileak, eta ostalaritzakoak ez diren beste sektoreetako enpresetako lokalen modernizaziorako laguntza deialdia luzatu du.

Maria Serrano, Sustapen Ekonomiko, Merkataritza eta Turismo zinegotziak esplikatu digunez, diru poltsa 42.000 euroetatik 60.000 eurotara emendatu dute, eta Hondarribia Abian planaren baitan aurreikusitako programaren hirugarren urtea izanik, aurreko bi edizioetan herriko enpresa txikiek agertutako interesa ikusirik, laguntza hauekin urtero segitzeko asmoa du Udalak.

Bi laguntza lerro desberdin eskaintzen ditu programa honek. Batetik, ekintzaile berriak laguntzeko 25.000 euroko laguntza, bakoitzak gehienez 5.000 euroko laguntza jaso dezakeelarik (6.000 Alde Zaharrean kokatua baldin badago), eta bestetik, dagoeneko martxan diren enpresen modernizaziora bideratutako 35.000 euroko partida. Enpresa bakoitzak 8.000 euro gehienez jaso dezakeelarik, obretarako, klimatizazio zein informatika hobekuntzetarako.

Laguntzak 2020ean zehar halako inbertsioren bat egin dutenek jaso ditzakete. Iaz Hawai goxodendak edota Lamiarri tatuai zentroak izan ziren onuradunen artean.

Informazio gehiago www.hondarribia.eus, eta laguntzak eskatzeko epea maiatzak 26 arte da BAZen.