Hondarribiko Pyme-ak eta autonomoak "pandemiaren azken ziabogan hondoratu ez daitezen" laguntzak aktibatu ditzala eskatu dio PSEk gobernuari

Antxeta Irratia 2021ko api. 27a, 00:00

Enpresa txikien kaudimen gabeziaren ondorioz, pertsiana itxi eta amore eman behar izan duten enpresen kopurua %171 emendatu da martxoan EAEn. Murrizketak, itxierak eta krisi ekonomiko latz batek apaldutako negozio bolumenak, enpresa txikien diru iturriak minimoetara eraman ditu pandemiak. Anartean, gastu finkoak bere horretan mantendu dira ehuneko handi batean. Eta orain artean halamoduz itxeki dioten enpresari txiki askok ezin dute gehiago, akituak dira.

Zentzu honetan, Pyme-ak eta autonomoak laguntzeko diru-poltsa azkar aktibatu dezala eskatu dio PSEk udal gobernu jeltzaleari. Joan den abenduaren 17an onartutako udal aurrekontuetan, 472.850 euroko diru partida onartu zuten laguntzetarako (200.000 euro udaberriko kontsumo bonoetarako, eta gainerakoa enpresentzako laguntza zuzenetarako). Baina Iosu Alvarez sozialistak salatu duenez, "oraindik ez da diru hori mugitu". Une honetan, 1.000 hondarribiar inguru aurkitzen dira oraindik ERTE egoeran. Herriko ekonomiaren %80a baino gehiago zerbitzuen sektorean oinarrituta baitago, kolpatuena krisi honetan, eta horrek enpleguan eta familien ekonomian erabateko eragina du.

Krisiaren azken ziaboga  

Hondarribiako Udalak 58 milioi euroko altxortegia duela kontuan hartuta, laguntzeko gaitasuna du Alvarezen arabera. Eta maiatzaren 6ko kreditu modifikazioen plenoari begira ere, eztabaidatuko diren 10 milioi euro inguruetatik, parte bat herriko ekonomia sustengatzera bideratu beharko luketela defendatzen du. Txertaketa kanpainari esker, osasun krisiaren azken txanpan omen gauden honetan, "enpresa txikiei azken ziaboga hartu, eta inor atzean utzi gabe, etorkizun oparoago bat proiektatzeko aukera ematea" Udalaren esku ere dagoela nabarmendu du hautetsi sozialistak.