Aurpegia zuritzeko baizik ez delako, EH Bilduk ez du Ikusgarritasun Lesbikoaren adierazpenarekin bat egin Irunen

Antxeta Irratia 2021ko api. 27a, 00:00

Apirilaren 26ko Ikusgarritasun Lesbikoaren Nazioarteko Egunak eztabaida ekarri du Irunen. Haatik, ez gaiaren sakonean, edo udal talde politikoek hartzeko prest agertu diren konpromisoengatik. Irungo Udalak adierazpen instituzionala plazaratu du, halako egunetan egin ohi duen moduan. Baina Irungo Sozialistak, Elkarrekin Podemos/Ezker Anitza, EAJ-PNV eta PP udal talde politikoen artean adostutako testua izanik, EH Bilduk ez du bat egin testu horrekin.

Oihana Brionesek, EH Bilduko hautetsiak esplikatu digu zergatik. Konpromiso zehatzik gabeko testua delako, "nornahik" izenpetu dezakeena. Eta gaur egun "benetan gizartea aldatu nahi bada, eta jende askori eragiten diola kontuan hartuta" ideia orokorretatik haratago joan eta konpromisoak hartu beharko liratekeela dio koalizio abertzaleko zinegotziak. Zentzu honetan, "aukera paregabea galdu egin duela" leporatu dio Udalari.