Hendaiako SOKOA lantaldeak soldata apalenak dituzten hogei bat lankideekin elkartasunean sinatuko dute 2021eko ordainsarien negoziaketaren akordioa. Baina zuzendaritzaren xantaia salatu dute, hilabeteko epean, langileen iritzia jaso gabe eta inolako malgutasunik gabe eramandako negoziaketak izan baitira. Pandemiaren ondorioz, ezin izan dute Langileen Biltzar Nagusi bat antolatu akordioa eztabaidatu eta adosteko. Baina zuzendaritzak uko egin dio sinadura epea gibelatzeari.
2020ean ez zuten emendaketarik ukan, eta 10 hilabetez lan egin ondoan, aurreikuspen katastrofikoak ez dira bete. Izan ere, 1,2 milioi euroko irabaziak izan ditu Sokoak joan den udaberrian bi hilabetez aktibitate partzialean izan arren. Aldiz, langileei hilean %1eko emendioa, hau da, 18 euro gordin proposatu die zuzendaritzak, langileek galdegindako 40 euroen aldean. Eta soldata apalenak dituzten hogei bat langileen kasuan, SMIC + %16a. Erran nahi baita, hilero 38 euro gehiago.
Azkenean, haiekin pentsatuz sinatuko dute gainerateko lankideek. Baina zuzendaritzaren jokamoldea salatzeko oharra izenpetu dute 150 langilek, eta lanuzte sinbolikoa ere egin zuten joan den ostiralean LAB eta CFDT sindikatuek deiturik