Udalekuak Irunen bertan antolatu ditu Udalak pandemiari izkin egiteko

Antxeta Irratia 2021ko api. 20a, 00:00

Joan den urtean Udalekuak bertan behera utzi behar izan zituztela ikusirik, Irungo Udaleko Gazteria departamenduak, aurtengo udalekuak segurtatu nahi izan ditu. Hala, pandemiaren ondorioz eman daitezkeen eszenatoki guzietara egokitutako udalekuak planteatu dituzte. Udan indarrean egon daitezkeen osasun neurriek udalekuak baldintza ez ditzaten, aurten Irunen bertan egingo dituzte. Martindozenea aterpetxean lo egingo dute balizko itxiera perimetralen menpe ez egoteko. Eta egoerak ahalbidetzen duen heinean kanpora joko lukete hainbat jarduera egiteko.

Irundik ateratzea ez balitz posible, naturari lotutako abentura jarduerak eta ur-kirolak egingo lituzkete Irunek dituen baliabideak aprobetxatuz. "Irun birdeskubritzeko aukera paregabea" izango delakoan dira udal ordezkariak. Eta bide batez, izena emango duten familiak, "okerrenean ere udalekuak egingo direla segur egon daitezke". Urrutira joan gabe, udalekuen helburuak beteko dituzte: haurren autonomia eta bizikidetza landu batetik, udako aisialdi osasuntsua bermatu, eta familien kontziliazioa segurtatu nahi dute berdin.

Aurten 30 haurrentzako 6 txandatan banatutako 180 plaza eskainiko dituzte, 2005-2013 urteen artean jaiotako irundarrentzat. Eta izena emateko epea apirilaren 26tik 30era zabalik egongo da SAC-HAZ bulegoaren aukera ezberdinetan (010 telefonoan, administrazio elektronikoan edota 24 orduko maxina automatikoetan). 

Erlazionatuak