Gure Eskuk burua altxa eta burujabetzaren aldeko erreferenduma irudikatuko duen dinamika mobilizatzailea abian jartzeko garaia dela aldarrikatu du. Burujabetza falta dela agerian utzi du pandemiak haien ustetan, herritarrak zaintzeko behar neurriak hartzeko eskumenik ez dugulako Euskal Herrian. Baina pandemia gainditzeko bezala, herritarrok elgar laguntzeko eta indarrak batzeko deia luzatu dute herri burujabe izateko urratsak ematen jarraitzeko.
Hain justu, pandemiaren ondorioz joan den urteko martxoaz geroztik impasse egoeran geratu zen sinadura bilketa berraktibatu dute. Eta "Hamaika Gara" ekimenarekin, erreferendumaren aldeko sinatzaile bakotsak bere inguruko beste 11 lagun lotzeko erronka bota dute.
Kaleak ere hartuko dituzte, maiatzaren 22an herri eta eskualdeka antolatuko dituzten ekimenekin. Eta uztailaren 3an Bilboko ibaiaren inguruan mobilizazio erraldoia eginen da pandemiak ahalbidetzen duen neurrian.