EH Bilduko europarlamentaria Pernando Barrena Irunen izan da gaur. Fenomeno migratorioaren problematika bertatik-bertara ezagutzeko xedez, Gurutze Gorriak kudeatzen duen Arretxe Gainako aterpetxearekin, eta Harrera Sarearen San Juan plazako bulegoarekin interesatzeaz gain, Jose Antonio Santano Irungo alkatearekin ere elkarrizketatu da.
Frantses eta espainiar estatuen politika migratorioek, Irun-Hendaia Europako barnemuga bilakatu dutela salatu du Antxeta Irratian. Eta frantses gobernuak indarrean duen Vigipirate plan antiterroristaren aitzakipean, mugetako kontrol zorrotzek eragin duten egoera onartezina dela deritzo: "Larruaren araberako kontrol arrazistak XXI. mendean egiten dira, eta beroan egiten dituzten etorkinen itzulketak legez kanpo daude". Europako Parlamentuan asilo politikak eraldatzeko, eta migranteen mugimendu askatasun eta eskubideak defendatzeko proposamena prestatzen ari direla iragarri digu.