Mugalariak barra-barra ari direlako kezka agertu du Harrera Sareak

Antxeta Irratia 2021ko mar. 26a, 00:00

Saran gizon bat atxilotu dute migranteen mugalari lanetan aritzea leporatuta. Gaur jakin izan da asteazkenean harrapatu zuela frantses poliziak, eta etorkinak Bidasoaz gaindi pasatzeko hogei bidaia egotzi dizkiote. Autoan lau pertsona zeramatzala atxilotu, eta eraman zuten preso 53 urteko gizona. Polizia frantsesak jakitera eman duenez, migrante bakoitzari 700 euro inguru kobratzen zion Beratik muga pasa eta Paris aldera edo Belgikara eramateagatik. Poliziak dio 30.000 euro irabazi dituela mugalari edo pasanteak lan horrekin. Behin-behinean preso eraman dute Baionara, eta apirilaren 29an epaituko dute.

Heldu ahala badoaz gehienak 

Bat harrapatu dute. Baina Irungo Harrera Sarea kezkaturik agertu da, berez, berria ez den mugalarien errealitatea areagotzen ari delako. Izan ere, azken bi asteetan gutxienez 300 migrante heldu izan dira Irunera. Baina atzo 41 lagunek baizik ez zuten aterpe hartu Irungo Arretxe Gaina eta Erromesen egoitzetan. Gehienak, heldu ahala badoaz beraz.

Dirurik ez dutenek, Bidasoa igerian trebeskatzen saiatzen dira, "euren bizitza arriskuan jarriz, eta mugalari baten laguntza ordaindu dezaketenek, egiten dute". Irungo Gurutze Gorriaren aterpetxearen kanpoaldean bertan jasotzen omen dituzte pasante edo mugalariek.

Bestalde, Irun-Hendaia eta Irun eta Urruñako Pausuko zubietatik nekez zeharkatu dezaketenez 24 oreneko kontrolen ondorioz, azken egunetan migrante anitz Bortzirietara jotzen dutela ohartarazi dute. Endarlatsatik haratago joaterik ez badago ere, muga guzien gaindi bidaia jarraitzea baitute helburu bakarra. 

Erlazionatuak