Hondarribiako Udala nekez mugitzen den 'Elefante pisutsu" baten gisa irudikatu du Abotsanitzek abian jarri berri duen kanpainan. Auzo, kirol eta kultur elkarte zein herritarrengandik jasotako iritzietan oinarrituta, Udalak herritarren beharrak asetzen ez dituela deritzote. Baina "beste herri askotan bezala" gauzak adostasunetik beste modu batean egin daitezkeela erakutsi nahi dute.
Herriko ekipamenduen gabeziak eta eguneroko zerbitzu eskaxetaz gain, orohar, herrian "bizi eta lan egitea" ahalbidetzeko estrategikoak diren proiektuak eta arloak landuko ditu datozen hilabeteetan herritarrekin batera. Hausnarketa bultzatu nahi du Abotsanitzek 'Mugi Dezagun Elefantea' kanpainarekin. Etxebizitza, herriak duen ekonomia eredua (%80an zerbitzuetan oinarrituta), ingurumena eta mugikortasuna, edota euskararen erabilera kezkagarriak ditu begiz jota.
Aurreko agintaldiaz geroztik proiektuak gerora gauzatzen ez diren asmo hutsetan besterik ez direla geratzen salatu du Igor Enparanek, Abotsanitzeko bozeramaleak Antxeta Irratian. Horren irudiko, 2019an abiatu zen agintaldi honetarako plana ez duela EAJ udal gobernuak oraindik publiko egin.