1997an HAZ-SAC zerbitzuak ateak zabaldu zituenetik inoiz jastako herritarren kontsulta eta izapidetze gehien tramitatu dituzte 2020an. Pandemiaren egoerari, eta herritarren beharrei, egokitu behar izan du Udalak herritarren arreta zerbitzua. Halabeharrez, aurrez-aurreko erabiltzaileen kopurua %43 apaldu bada ere, administrazio elektronikoan eta telefono bidezko zerbitzuetan nabarmen egin du gora, orotara, 248.399 pertsona lagundu dituztelarik. Izan ere, joan den udaberrian 8 aste luzetan erabat itxita egon bazen ere, gainerako 10 hilabeteetan 2019an baino %20 kontsulta gehiago jaso dituzte.
Izaskun Larrarte, SAC-HAZ bulegoko arduradunak esan digunez, konfinamendu bete-betean 010 telefonoan egunero 1.000 dei telefoniko baino gehiago jaso izan dituzte. Bestalde, 39.000 herritar dira dagoeneko Irun Txartela baliatzen dutenak. Eta beraz, pandemiak aldez aurretik abian zen administrazio elektronikoaren dinamika azkartu egin du.
Dena dela, beste euskarriekin moldatzen ez diren herritarrentzako, aldez aurreko hitzordua eskatuta tramite eta kontsulta guziak bulegoan ere egin daitezke betiko moduan. Larrartek dioenez, 24 orduko epean ematen dituzte hitzorduak, eta une honetan, segurtasun eta osasun neurri guztiekin ere, batezbestean 200 herritar inguru jasotzen dituzte bulegoan egunero.