Premiazkoa den Kirolaren Plan Estrategikoak urtebeteko atzerapena darama Irunen

Antxeta Irratia 2021ko mar. 24a, 00:00

Irungo udalbatzak 2020. urteko udal aurrekontuetan EAJ udal taldeak proposatutako Kiroletako Plan Estrategikoa abian jartzeko mozioa paper hutsean geratu dela salatu dute jeltzaleek. Pandemia urtea iragan da, eta anartean, udal gobernu koalizio berria ere indarrean sartu da. Eta PSE-Elgarrekin Podemos-Ezker Anitza gobernu berriak, sozialistek aldez aurretik hartutako konpromisoa betetzeko asmoa agertu badu ere, jeltzaleen ustetan premiazkoa da kirol egitura gabeziari lehenbailehen erantzutea.

Izan ere, pandemiak kirol elkarteengan eragindako beharrak eta kirol instalazioetan hiriak dituen gabeziak larriak dira jeltzaleen ustetan. Eta emakumeen, adineko pertsonen eta elbarrituen kirol jarduera segurtatzeko programak behar dira hirian. Hortaz, plan estrategikoa abian jartzea gehiago atzeratu ez dezala galdegin diote gobernuari.

Xabier Iridoyk esan digunez, Txenpereneako kirol instalazioak eta San Migel-Anakako futbol zelaiaz gain, "Artaleku kiroldegia zaharkitua dago, eta agerikoa da kirol egiturak zaharberritu eta berriak behar direla". Zentzu honetan, EAE mailan 15.000 biztanleko kiroldegi bat dagoen bitartean, Irungo 65.000 biztanleentzako Artaleku eta Azken Portu besterik ez daude. Eta EAJren arabera, hiriaren mendebaldean hirugarren bat behar da.  

Erlazionatuak