Koxtera hasi zutela laugarren astea dute, eta azken bi egunetan baino ez dira berdela behar bezala harrapatzen hasi. Getaria eta Mutriku parean, baina itsasoan urruti azaldu da, eta epeetan behar baino beranduago. Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradietako presidenteak esan digunez, berdelari "azaltzea" kostatu zaio. Zenbat eta gehiago atzeratu, orduan eta mendebalderago jo behar dute gero kuota agortzeko haren bila. Eta horrek kanpainaren errentagarritasuna apaltzen du, urrutira joan behar izateak gasoil gastua emendatzen duelako. Gainera, aurten Europak %15 inguru apaldu die kuota.
Antxuari dagokionez, aldiz, lehen egunetan arrantzatutako 30.000 antxoa kiloetatik urrun, azken egunetan Asturias inguruetan ari dira arrantzatzen Hondarribiko arrantzaleak. Elduayenek esan digunez, momentuz txikia eta betiko prezio-salmenta apalen kezkarekin, baina ekaina bitartean asko geratzen denez, koxteran itxaropenak jarriak dituzte.