Eusko Jaurlaritzak iragarritako migranteen uholde eta pilaketarik ez da eman Behe Bidasoa eskualdean momentuz. Azken astean, egunero 10-15 bat lagun heldu izan dira Irunera batazbestean. Erakunde publikoek adostutako Migranteen Harrera Kontingentzia Planak aktibatutako Hondarribiko Jostaldiko 94 oheak ez dira oraindik erabili. Eta joan den astean ez bezala, Elcano aterpetxeko 12 oheak ere hutsik daramate aste osoa. Ostiral gau hontan, aldiz, 60 lagun izan dira Irungo dispositiboetan aterpetutakoak: 36 Foru Aldundiak eskainitako Arretxe Gainako zentro finkoan, eta beste 24 Udalak egokitutako Erromesen egoitzan.
Harrera Sareak jakitera eman duenez, ostirala eta larunbata artean, 50 pertsona gehiago espero dituzte.
Dena dela, Kanari irletatik penintsulara bidalitako zenbait migranteren egoerarekin kezka agertu du Irungo Harrera Sareak. Andaluziatik Irunera 3 eguneko bidaia, aterperik eta jatekorik gabe egiten baitute askok. Eta akituak, gosetuak eta hotzez heldu dira.
GauTxori bolondres zerbitzuan dabilen Josunek eman dizkigu xehetasunak, baita astearen balorazioa egin ere.