Pandemiaren hirugarren olatua atzean utzi genuenez geroztik, lehendabiziko asteburua izan da Behe Bidasoa eskualdean COVID kutsatuen kopurua berriz ere emendatu dela. Osakidetzak emandako datuen arabera, martxoaren 11tik 15era Hondarribian 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa 66tik 147ra igo da, eta Irunen 76tik 96ra pasa da.
Eusko Jaurlaritzak Aste Santuen atarian tendentzia aldaketa honen beldur da. Baina zalantzak piztu duena, euskal gobernuak bezala, Espainiako eta Frantziako gobernuek AstraZeneka botika-etxearen txertaketa kanpaina 15 egunez bertan behera uzteko erabakia izan da. Europa mailan 5 milioi txertatuen artean eman diren 30 tronbosi kasuen aurrean, txertoarekin zerikusirik ote duen argitu bitartean, behin behinean gelditu dute.
Gure eskualdean, bi aste zeramatzaten Irun-Hondarribian sektore esentzialetako 55 urtez beheko langileak txertatzen Lapitze-Elitxu auzo elkartearen egoitzan. Eta Iparraldean, osasun zerbitzuetako zein adinekoen etxeetako adin bereko langileen kolektiboak ere txertatzeko aukera izan dute. Halere, Antxeta Irratiak jakin izan duenez, Irun-Hondarribiko hezkuntza zentroetako irakasleen %20ak uko egin dio txertoari.
AstraZeneka txertoaren lehen dosia jaso duten Bidasoko hainbat irakasle eta erizaini galdetu diegu, zer pentsatzen duten.