Irun aurrerantzean suteetan hunkitutako gainerako herriekin lankidetzan aritzea espero du EH Bilduk

Antxeta Irratia 2021ko mar. 16a, 00:00

Joan den larunbatean Beran, Jose Antonio Santano izan zen, otsaileko suteek hunkitutako herrietako alkate guzien artean, huts egin zuen bakarra. Aiako Harria Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duela argudiatuta, ez du Sara, Azkaine, Ziburu, Urruña, Biriatu, Bera eta Lesakak indarrak batzeko deialdiarekin bat egin. Baina iragarri dutenez, Euskal Herri Elkargoko Gure Mendia batzordean mugazgaindiko politikak adostu, eta goragoko administrazioei presio emateko lankidetzan aritzeko gune bilakatuko dute, nafar eta gipuzkoarrak gonbidatuz.

Irungo alkateak ez du oraindik batzorde horretan parte hartuko duenik argitu. Baina EH Bilduko Jokin Melidak argi utzi du "Irunek mugazgaindiko foro guzietan parte hartu beharra duela", eta joan den larunbatean "aukera polit bat galdu duela Udalak". Bestalde, Irungo EAJ udal taldeak ez ditu alkateak emandako argudioetan sartu nahi izan, baina erretako 2.000 hektareetatik 400 Irungoak zirela kontuan hartuta, suteen gaineko udalen batura horretan Udalak egon beharko lukeela adierazi du Xabier Iridoyk.

Gure Mendiak batzordera gonbidapena 

Oroitarazi beharra dago, suteen errudunei egindakoa ordainarazteko ikerketa zorrotza aldarrikatzeaz gain, hemendik aurrera mendien kudeaketa amankomuna eta suhiltzaile zein alerta zerbitzuen arteko lankidetza bilatuko dutela hitz eman zutela Beran, baita administrazioen arteko elgarlana bultzatzeko konpromisoa hartu ere. Philipe Aramendi, Urruñako auzapezak nabarmendu du ere, Gure Mendiak Batzorde horretan nafar eta gipuzkoarrak gomit direla, denek argi baitute, tragedia honek agerian utzi duela, mugazgaindiko lankidetza ezinbestekoa dela mendien kudeaketari dagokionez.