Eguzki talde ekologistak eskatuta abiatu ditu diligentziak Fiskaltzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko txosten bati erreparatuta tramitera onartu ondotik.
Otsailaren 20an eta 21ean eskualdeko 2.000 hektarea inguru kixkali zituen suteak, ustezko delitu baten ondorio izan daitezke. Eguzki talde ekologistaren arabera, mendietan luberriak egiteko mendietan suteak pizteko "ekinbide neolitikoa" oraindik ere egiten da Euskal Herrian. Eta Nafarroa, Bidasoa eta Lapurdin emandako suteetan ezaugarri bereko lur-eremuak dira gehienak: lur publikoak eta abeltzaintzakoak.
Aste honetan jakin den bezala, Urruña, Biriatu, Azkain eta Sarako herriko etxeek bat eginik, bide penalari ekin diote. Izan ere, Larruneko su iturrietako bat kriminala izan zela ondorioztatu dute lehen ikerketek.
Irunen, 400 hektarea erre zituen suteak, horietatik 275 Irungo Udalaren jabetzakoak, eta gainerakoa pribatua. Eta galdutako bioaniztasuna lehengoratzeak eta berreskuratzeak urte mordoa eskatuko duela diote ekologistek. Izan ere, Aiako Harrian erretako eremuak, Endara arroa, Pagogaina azpiko Amasain inguru guztia, eta Bidasoa ibaiaren bazterrak Natura 2000 Sareko gune babestuak dira.