Hariztiak izan ziren Aiako Harrian suteak gehien kaltetutako baso guneak

Antxeta Irratia 2021ko mar. 4a, 00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak Erlaitz-Pagogainara bisitan jakinarazi duenez, udaberriarekin batera zehaztu ahalko dute hobe erasandako natur eremuak noraino kaltetuak dauden. Aldundiko bozeramalea Eider Mendozak argitu duenez, suteak eremu horietako baso autoktonoa erasan du, natura balio handiko Endarako sakanaren erreserba eremua, eta Bidasoa ibaira ematen duten hegaletan bereziki. Eta Endarako hariztia eta Bidasoa inguruko haritzak izan dira kaltetuenak. Halere, zuhaitz eta landare zenbaitzuk aurrera atera daitezke oraindik, baina udaberria pasa beharko da hori egiaztatzeko.

Halere, baso autoktonoa berreskuratzeko ahalegin guztiak egingo dituztela iragarri dute aldundiko zein Irungo Udaleko agintariek. Suteak Irungo Bidasoa eta Meaka auzoetan erretako 400 hektareetatik, 275 ha publikoak dira (Irungo Udalaren jabetzakoak) eta gainerako 125 ha pribatuak. Denak, Aiako Harria Natur Parkearen barruan.

Era berean, basoguneak ez ezik, Bidasoa ibaiaren hegaletako lur eremuetako landaredia berreskuratzea ezinbestekoa da. Lurrak atxikitzeko sustrairik gabe, "Endarako sakanaren maldetan higadura arriskua dagoelako". Beraz, basozainek jarraipena egingo dute, landaretza modu naturalean birsortzen den edo birpopulaketak egin behar diren ikusteko. 

Erlazionatuak