'Aurrera Egin Badugu' dokumentalaren trailerraren estreinaldia egin duten egunean, Jaizkibel konpainiako kapitaina izan dugu Antxeta Irratian. Dokumental horretan, Oihanak berak eta Jaizkibel konpainiako kide diren Arantxa Urretabizkaiak eta Jaime Altunak, Garbiñe Biurrun epailea, Kattalin Miner idazlea eta Itziar Ituño aktorisa elkarrizketatu dituzte ikuspuntu zabal eta desberdinak bilatzeko ahaleginetan.
Julen Hernandezen zuzendaritzapean, Jaizkibel konpainiak ekoiztutako dokumentalak jakinmin handia piztu du Euskal Herri osoan. Heldu den martxoaren 5ean (19:00etan) ikusi ahal izango da lehendabiziko aldiz Hondarribiko Itsas Etxean. Bertan ere, Hendaiako Danborradari joan den irailaz geroztik pandemiak geroratutako VI. Hondarribia Berdintasun Hiriaren Saria emango diote, azken 15 urteotan Bidasoa ibaiaren beste ertzean jai parekideen alde egindako lan eredugarria omentzeko".