2021ean ere Covid dirulaguntzak eskainiko ditu Txinzer-ek behar dutenentzako

Antxeta Irratia 2021ko ots. 25a, 00:00

Txingudiko Mankomunitateak uraren eta zaborren ordainketak egiteko zailtasunetan diren bidasotarrei erraztasunak emango dizkie aurten ere. 2020an pandemiaren ondorioak arindu nahia egin bezala, 2021ean ere, Irun eta Hondarribian erabat ixtera behartuak egon diren komertzio, ostatu, jatetxe eta gastronomi elkarteekin ez ezik, behar gorrietan diren familiekin pentsatuz COVID dirulaguntzak aktibatu dituzte.

Horri esker, bi hilabetez ordainketa salbuetsita edukiko dute, ixtera behartuak egon diren establezimenduek eta elkarteek. Eta familien kasuan RGIa jasotzen dutenek %50eko hobaria jasotzeko eskubidea izango dute euren ordainagirietan.

Nolanahi ere, laguntza hauek eskuratzeko, www.txinzer.eus bitartez mankomunitatearekin harremanetan sartu beharra dago.

Leire Zubitur, Txinzer-eko kudeatzaileak esplikatu digunez, 2020an 321 ostatu-komertzio izan ziren hobariak eskatu zituztenak, horietatik 209 ostatuak (126.000 euroko murrizketa ekarri zuen Txinzerrentzat). Eta une honetan 80k eskatu dute. Familia behartuen kasuan, 60 bat baizik ez dira izan deskontua lortzeko eskaera luzatu dutenak. Halere, Irungo eta Hondarribiko udalek oinarrizko gastuak estaltzeko laguntzak eman ohi dituztela oroitarazi dute. 

Erlazionatuak