Baserritarren azokak irudi berria estreinatu du, Hondarribian azokagune finko bat desiratuz

Antxeta Irratia 2021ko ots. 25a, 00:00

Lehen sektoreari bultzada eman nahian dabil Hondarribiko Udalak. 'Hondarribia Abian' enplegu eta garapen planarekin bat egiten du, tokiko ekoizleen lana eta Kilometro 0 produktuen saretzen laguntzea. Zentzu horretan, aste honetan, irudi berria eta poltsa berrerabilgarriak estreinatu dituzte. Eta pandemiaren ondorioz, dena trabak zirela ikusirik, www.hondarribia.eus/azoka atarian abian jarritako saski edo otarreen online sistemak 21 bezero biltzen ditu dagoeneko.

Hala eta guztiz ere, Zumardian (asteazkenetan) eta Portuko San Pedro kalean (larunbatero) antolatzen duten azokaren proiektuak urrats estrategikoa eman dezan, gune finko bat aztertzen ari dira. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Behemendirekin batera, ekaina bitartean azoka sustatzeko ekimen baterako hautatu egin dute Hondarribiko azoka, Gipuzkoako beste 15 azokarekin batera. Eta Kalixa Silanes zinegotziak aitortu digunez, azoka gune aterpetu eta finko batean kokatzeko aztertzen ari dira baserritarrekin batera.

Amute-Kostako Salina baratzeko, Batxilerenea eta Legia baserrietako ekoizleekin ere, hitzegiteko aukera izan dugu erreportaia honetan, haien iritzia jasoaz.