EH Baik Iparraldean dagoeneko abiatutako “Euskal Herrian mugarik ez” kanpainarekin eta sinadura bilketarekin bat egin du EH Bilduk ere. Eta irundar eta hondarribitar orori, ehbildu.eus atarian izenpetzeko deia luzatu diete.
Irungo eta Hondarribiko otsaileko udalbatzatan mozio bana aurkeztu dute, udalek, Akitaniak, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak Frantziari presio eman diezaioten. Izan ere, "bidasotarron harreman sozial, kultural, ekonomiko eta pertsonalak" eten dituen Vigipirate Plan antiterroristaren aitzakipean, mugen itxiera eta kontrola erabaki totalitarioa dela salatu dute. Bere bulego zentrala Hendaian duen EuroEskualdeari ere egoera aintzat har dezan galdegin diote, "muga antinaturalak eraikitzea Europak eraiki dituen mugazgaindiko eskualdeen izaeraren kontra" doalako.
Ane Unanue eta Xabier Bengoetxea, Irun eta Hondarribiako EH Bilduko hautetsiak hurbildu dira gaur, urtarrilaren 14az geroztik itxita daraman oinezkoentzako Avenida Zubira.